XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eguzkia sartu baino ordubete lehenago iritsi zen berak lehen helburu jo zuen herrira.

Oinak zeharo nekaturik zituen baina bere erabakiak eta adoreak indartzen zuten.

Ibaia hazia zihoan, udaberriko desizoztea hasia bait zen eta ur handi haietan korronteak zeramatzan jela masa izugarriak kulunkatzen ziren.

Lekugune hartan Ohio ibaia okertu egiten zen eta horrek izotz zatiak bat bestearen gainean pilatu eta etengabeko mugimenduan zebilen zubi flotari antzeko iraganbide arriskutsu bat sortarazten zuen, baina alde batetik besteraino luzatzen zena.

Elisa, berarentzat hain kezkagarria zen ikuskizunari begira geratu zen.

Normalki ibaia gurutzatu eta jendea eramaten zuen txalupak egoera hartan ez zezakeen ezer egin.

Ibai ertzean etxetxo bat zegoen eta bertan sartzea erabaki zuen gauzak zehatzago jakitearren.

Etxekoandrea sukaldean ari zen bere sendiarentzat afaria prestatzen.

Etorri berria ikustean, bere lana utzi eta galdetu zion: - Zer nahi zenuen? - Beste aldera eramango gaituen txaluparik ba ote dagoen jakin nahi nuke.

- Ez, ez dago inor ausartzen denik eta ez dut uste korronteak daramatzan izotzak bukatu arte txaluparik pasako denik.